Esku-hartzea hobekuntzak eragiteko, pertsonak zaintzea, ingurumena babestea, uneak sortzen lagunduko duten espazio jasangarriak atontzea… hori da Une proiektu berri hau gidatzen duen filosofia: ondo-izatera bideratuko gaituzten une intentsuak bizitzeko espazioak egituratzea.
Unekook interiorismoa egiten jarraitzen dugu, espazioak antolatzen, baina guretzat garrantzitsuena da zertarako egiten dugun hori guztia. Gure helburua da bizitzeko edo lan egiteko espazioak sortzea eta atontzea, espazio horietan gure bizitzako unerik garrantzitsuenak biziko ditugula jakinik: bizitzeko uneak, ikasteko uneak… dantzatzeko, harritzeko, maitatzeko, partekatzeko, lagunentzako, familiarentzako, sentitzeko uneak… Eta horrexegatik, hain zuzen ere, deitu diogu Une gure proiektu berri honi.
Uneak sortzeko guneak
Euskaraz, tradizioan, une eta gune nahasita erabili izan dira, bata bestearen ordezko, biak espazioa zein denbora adierazteko. Einsteinek erakutsi zigun espazioa eta denbora eskutik helduta datozela, dirudiena baino antzerakoagoak direla. Gaur, euskaraz, une eta gune bereizi egiten dira, une denborarako, gune espazioetarako. Guk une eta gune lotu egin nahi ditugu berriro, guneetan biziko ditugun uneak direlako espazio hori sortzearen eta antolatzearen zergatia.
Oteizaren bidetik, egitasmo berri honi huts-une deitzeko tentazioa ere izan genuen. Poetak orri zuritik hasi behar du, musikoak isiltasunetik, eta espazioen diseinatzaileak huts-unetik.
Halaxe lan egin nahi dugu zurekin ere, aurreiritzirik gabe, lan guztiak hutsetik hasiz. Zure bizitzako une bat gurekin partekatzea erabakitzen duzun unetik, zure asmoak ulertzen saiatuko gara.
Eta helburu horretara iristeko bidea ere gozatu nahi dugu: elkarrekin egingo dugun gune bakoitza ikasteko, harremanak egiteko, hazteko, bizitzeko baliatu nahi dugu. Guretzat gune batean ikusten dena ikusten ez dena bezain garrantzitsua da. Etxebizitza, saltegia, bulegoa, jatetxea edo eraikin bat izan, espazioa da benetako balioa. Hormak, ateak, leihoak, materialak eta egiturak gune horri forma emateko bano ez dira, une bereziak sortzeko moduak.